XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

rue Morgueko etxe baten laugarren solairutik zetozen garrasiak, antza denez; madame L'Espanaye eta bere alaba mademoiselle Camille L'Espanaye bakarrik bizi ziren han.

Atzerapentxo baten ondoren, atarira ohiko eran sartzeko ahalegina alferrikakoa izan baita, atea gakordez apurtu eta zortzi edo hamar auzoko sartu dira, bi jendarmerekin batera.

Ordurako isilduta zeuden deiadarrak; baina, taldetxoa lehen eskailera-zatia igotzen ari zela, bi ahots zakar edo gehiago entzun dituzte eztabaida bizian, eta etxearen goiko aldetik zetozela iruditu zaie.

Bigarren eskailburura iristerako, hots hauek ere isildu egin dira, eta isil-isilik omen zegoen guztia.

Taldea sakabanatu egin da, gelaz gela bizkor begiratzeko.

Laugarren solairuan atzeko gela handi batera iristean (atea barrutik giltzaz itxita zegoenez, behartu egin behar izan dute zabaltzeko), hango ikuskizunak izuturik bezain txundituta utzi ditu bertaratu diren guztiak.

Gela erabat desordenatuta zegoen: altzariak apurtuta eta dena hankaz gora botata.

Ohe-armazoi bakarra zegoen, eta koltxoia eta estalkiak gelaren erdira botata.

Aulkian bizarra kentzeko labana zegoen odolduta.

Sutondoan bizpahiru ile-xerlo luze eta sendo zeuden, giza ile urdinduak; haiek ere odolez blai, eta sustraitik aterata itxuraz.(...)